ZER DA LEKAIO KULTUR ELKARTEA? Gure herriaren kultura maitatzeaz gain herri honetan kultur adierazpen desberdinak mantendu eta aurrera egin dezaten sortu den taldea. Lehenago zeuden oinarriak aprobetxatu eta oztopoen gainetik eraberriturik eta berrindarturik dagoen taldea.

2006/12/22

(In)migrazioaren hariari tiraka

Otamotzek aurpegi berria aurkeztu digun honetan lehenik eta behin eskertu egin nahiko genioke iritzia emateko tartetxo hau utzi izana. Aspaldian gure kaleetan Otamotzeko aurpegi berriaz gain hainbat aurpegi berri ari dira azaltzen eta kanpotarrak direnez etorkinak deitzen diegun jende multzo plural eta gero eta handiago bat osatzen dute.

Ezezagunak beti ematen du zeresana eta inmigrazioaren gaia noiz edo noiz denon ahotan egoten denez, gai hau sakonago aztertzea erabaki genuen Lekaio kultur elkarteko kideok.

Gaia lantzeko ideiak asko izan badira ere 3 hitzaldi burutu ditugu eta jendearen erantzuna ikusita jendartean kezka badagoela ikusi dugu.

Lehenengo hitzaldian Urretxun jaio eta lehen urteak bertan bizi izan zituen Jon Maia izan genuen. 60. hamarkadan lehen jende uholde bat bizi izan genuen herrian eta lehen txokearen bizipenei buruz hitz egin zigun. Hitzaldi honetan ikasi genuen gauzetariko bat izan zen, orain arte euskaldunon komunitatean gutxitan azaldu izan zaigun bertsio bat ere badagoela. Etorkinek eta beren ondorengoek bizi izan dituzten bizipen, sentsazio eta askoren konplexuen berri eman zigun Jonek. Urretxutik Zumaira joatean lagunartean sumatu zuen aldaketek eta kontraesanek bere bizitzan izan duen eragina azaldu zigun. Baserritar eta euskararen desprestigioaren bertsioa askotan entzun izan dugu baina “belarrimotx edo maketoen” bertsioa gutxitan ezagutu ahal izan dugu bertatik bertara (irakurleon artean egongo zarete egoera hau izan duzuen dozenaka batzuk).

Lehen inmigrante horien gaia alde batera utzirik bigarren saio bat izan genuen. Bertan, gaur egun Euskal Herrian etorkinek izan dezaketen papera eta aurrera begirako erronkei buruzko gogoeta izan genuen. Obdu eta Victoria izan genituen solaskide eta beraiek Euskal Herri soberanista batean sustraiak ezin dituztela ahaztu gogorarazi ziguten (dena den beti gogoan izan behar dugu Bertold Brech-en esaldi hau, gogoaren kontra, egoerak behartuta, herria, sendia, etxea utzi behar duena ez da inmigrantea, erbesteratua baizik). Integrazioaz aritu ziren eta herri honetara etorri badira eskubide eta betebehar guztiekin etorri direla esaten ziguten. Komunitate bakoitzetik onena aukeratzea eta aprobetxatzea da biderik zentzuzkoena, hartara, denok batera aurrera egitea lortuko dugu eta ez aurre egitea. Hauek euskaldunoi zera eskatzen ziguten, etorkinei inork ez die azaltzen euskal kultura zer den edota hemengo ohiturak zein diren. Honelako gaietan badaukagu zer landu.

Hirugarren hitzaldian berriz azken urte hauetan gure artean ezagunak egiten ari diren 4 protagonista izan genituen. Jendaurrean lan egiten dutenez gehientsuonontzat ezagunak dira: Patagonia jatetxeko jabe den Mercedes Sías (argentinarra), Galeperra elkarteko langilea den Tatiana Tancheva (bulgariarra), Palacio Oriental jatetxe txinatarreko jabea den Yang Xian Jun (txinatarra) eta Urretxu-Zumarragan 30 urte pasatxo daramakin Driss Elmssioui merkatari eta herriko mezkitako arduraduna (marokoarra). Bakoitza mundu desberdin batetik etorri denez bakoitzak bere esperientzia pertsonala azaldu zigun. Garbi dago lauak merkatariak izanik ekintzaileak direla, beren herrian ezin bizirik edo zerbait hobea aurkitzeko esperantzan bidaia bati ekin baitzioten. Beraien sentimenduak, bizipenak, ilusioak... plazaratu zizkiguten eta beraientzat normalak diren kontu batzuez eta guretzat hain arrotzak diren beste batzuei buruzkoak beraien ahotik entzuteko parada izan genuen.

Hiru saio hauen ondoren Lekaiok balorazio txiki bat egin du eta hemen zabaldu nahi genuen.

3 jardunaldi hauekin garbi daukagu ez dugula gaia errotik heldu eta landu, besteak beste, etorkinen inguruan hamaika gai ditugulako lantzeko. Gaiari aurten atera diogun argazkiarekin gustura gaude baina gaur egun ez denez oso ederra ez gaude koadro batean eskegitzeko prest. Batik bat euskal komunitatearentzat izan dira interesgarri 3 jardunaldi hauek eta hitzaldietan eman den partehartzearekin neurtu ahal izan dugu. Bukatzeko, aurrerantzean gizarte talde eta kultur taldeon artean landu beharreko gai bat dela pentsatzen dugu, batik bat datozenek gizarte jantzi bat merezi dutelako.

Lekaio Kultur Elkartea (Otamotz 122.alerako idatzia)

2006/12/15

Lekaio kultur elkartearen urte amaierako batzarra

Abenduaren 23an Lekaio Kultur Elkarteak urte amaierako batzarra ospatuko dugu.

Bileraren helburua orohar kultur elkartearen aurtengo lanen balorazioa egin eta 2007rako dauden lan eta proiektuen eztabaida zabaltzea izango da.

Bertan, lanean gabiltzanon partetik azaltzea eskatzen dizugu erabakietan parte hartzea garrantzitsua deritzogulako eta herri honen kultur ekimenei zure bultzadatxoa eman diezaiokezulako.

-Hitzordua hurrengoa da:

NON: Urretxuko kultur etxeko areto nagusian
DATA: abenduak 23, larunbata
ORDUA: goizeko 11:00etan

-Gai zerrenda:

2006ko ekintzen errepaso eta balorazio laburra
2007rako proposamenak eta lan ildoak

-Bestelakoak.

Bakoitzak dituen ideiak eta kezkak azaltzeko garai ona da urte amaiera hau eta horiek plazaratzeko etortzea eskertuko genizuke.

Bertan ikusiko garelakoan, eskerrik asko eskeinitako arretarengatik.

Lekaio Kultur Elkartea

2006/10/01

INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK 3/3

3. HITZALDIA:
Azaroak 30, osteguna
Urretxuko Kultur Etxeko areto nagusia.
Arratsaldeko 19:30tan
Gidaria: Asier Zaldua (Kazetaria)
Partaideak: Herriko hainbat etorkin
"Etorkinak gurean"
Etorkinak gurean? Bizilagun ezezagun horiek ere izango dute zeresana, ezta? Esan genezake gure herri hau historikoki jendea jasotzeko arazo handiegirik izan ez duen gizarte batez osatua egon dela. Etorkinak ikustea ez da gauza arraroa gure kaleetan baina ezagutzen al dugu beraien egoera? Gaur egun datorkigun etorkinen uholde berriaren ordezkaritza bat izango dugu protagonista azken hitzaldi honetan. Hona etortzeko izan dituzten arrazoiak, bizipenak eta gaur egun herria nola ikusten duten kontatuko digute mahai inguru honetan.
"INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK"
Antolatzailea/Organiza: LEKAIO Kultur Elkartea

INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK 2/3

2. HITZALDIA:
Azaroak 16, osteguna
Urretxuko Kultur Etxeko areto nagusia.
Arratsaldeko 19:30tan
Hizlariak: Obdulia Lorenzo, migrazioetan aditua (Galiziarra) Victoria Mendoza, sikologoa (Mexikarra)
"(In)migrazioen erronkak Euskal Herriarentzat"
Hitzaldi honetan espainiar eta frantziar estatuetako inmigrazioaz eta gaur egungo inmigrazio estra komunitarioaz hitz egingo da. Guzti honek ekar ditzakeen erronkei buruz eta gure herriak dituen erronken arabera eman behar duen erantzunari buruz arituko dira.
"INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK"
Antolatzailea/Organiza: LEKAIO Kultur Elkartea

INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK 1/3

1go HITZALDIA:

Azaroak 2, osteguna
Urretxuko Kultur Etxeko areto nagusia.
Arratsaldeko 19:30tan

Hizlaria: Jon Maia (Riomundo eleberriaren egilea)

" Inmigrazioa 60. hamarkadan"

"Bertolt Brechtek esana da: gogoaren kontra, egoerak behartuta, herria, sendia, etxea utzi behar duena ez da inmigrantea, erbesteratua baizik.
Bizitzaren emariak maletaz eta istorioz kargaturiko jende andana darama lurralde ezezagunetara, egunero. Euskal Herrira ere iritsi ziren milaka desterratuz beteriko trenak, Vascongadas esaten zioten herrialde arrotz eta malkartsu honetara.
Euskal herritar askorena ez ezik, euskaldun askorena izan litekeen pasadizoa:
-Zu zara maketoa, ezta?
-Maketoa? Ez jauna, gaizki esan dizute, Sierra naiz, Pedro Sierra."
Hari horri tiraka eraikiko du Jon Maiak, etorkinen seme denak, bere hitzaldia.

"INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK"

Antolatzailea/Organiza: LEKAIO Kultur Elkartea