ZER DA LEKAIO KULTUR ELKARTEA? Gure herriaren kultura maitatzeaz gain herri honetan kultur adierazpen desberdinak mantendu eta aurrera egin dezaten sortu den taldea. Lehenago zeuden oinarriak aprobetxatu eta oztopoen gainetik eraberriturik eta berrindarturik dagoen taldea.

2007/02/01

:: Korrika 15en manifestua ::


Dagoeneko jakingo duzunez, korrika 15ek euskal emakumea omenduko du, euskal emakumeak gure hizkuntzaren transmisioan izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi dituelako. Beraz, urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan duten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu korrika 15ek.Hori dela eta, korrika 15ek manifestua idatzi du, euskal emakumeek omenaldi honi euren atxikimendua adierazteko aukera izan dezaten. Izan ere, korrika 15ek milaka sinadura jaso nahi ditu, garai ezberdin eta zailetan gure hizkuntza etxean gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi duten emakume ezagun zein ezezagunen lana aitortzeko eta etorkizunean haien lanari eusteko konpromisoa hartzen dugula adierazteko.Horregatik jotzen dugu zuregana, hain zuzen ere, zeure sinadurarekin atxikimendua adierazteaz gain, zeure inguruan ekimen honen berri ahalik eta gehien zabal dezazun eskatzeko. Euskarak aurrera egingo badu, gaur egungo emakumeoi dagokigulako lekukoa hartzea, geure hizkuntzaren berreskurapena eta iraupena bermatzeko.