ZER DA LEKAIO KULTUR ELKARTEA? Gure herriaren kultura maitatzeaz gain herri honetan kultur adierazpen desberdinak mantendu eta aurrera egin dezaten sortu den taldea. Lehenago zeuden oinarriak aprobetxatu eta oztopoen gainetik eraberriturik eta berrindarturik dagoen taldea.

2008/12/20

EUSKAL HERRIKO KANTARI BERRIAK


2008ko abenduaren 19an, kantaldi berezi bat antolatu genuen Euskal Kantuzale Elkartearekin batera: Euskal Herriko kantu txapelketetan sarituak izan ziren kantariak, beraien herrialdea ordezkatuz, kantaldi honetan parte hartu zuten.
Araba-Bizkaia-Gipuzkoa-Iparraldea-Nafarroa
Guztiek bat eginez Mikel Laboa gogoan izan zuten, eta amaitzeko bere kantu adierazgarriena eskaini ziguten: "txoriak txori".

2008/10/20

NAFARROA OINEZ



LEKAIO kultur elkartetik Nafarroako eta Iparraldeko ikastoleen aldeko ekimenetan parte hartzeko borondatea azaltzeaz gain, gure herritarrak bertara joateko animatu eta autobusak antolatzen ditugu. Horren lekuko aurten Iruñeara joan ginen lagun guztiak.
Egun eder bat igarotzeko aukera izan genuen.


2008/09/23

ERRALDOI BERRIAK

2008ko irailaren 19an, ostirala, arratsaldeko 20.30ean, Urretxuko Jaiei hasiera emateko ERRALDOI BERRIAK aurkeztuak izan ziran herritarren aurrean Iparragirre plazan.
ITZAIN bikotea, gure arbasoen lanbide bat islatzeaz gain, gure herriko EUSKAL JAIAREN adierazleak izan nahi dute, beraiek gidatzen baitute idiek bultzatutako gurdia, urretxuko gazteek egindako gurdia.
ZORIONAK eta mila esker erraldoi berria egiteko laguntza eskaini duten guztiei.

2008/06/19

APITERAPIA JARDUNALDIAK


BIT apiterapia elkartea Lekaio kultur elkartearekin eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin, jardunaldi bereziak eta erakargarriak antolatu ditugu. 2008ko ekainaren 18 eta 19an hitzaldi-ikastaro jardunaldiak egon dira, eta bertan Argentinatik etorritako HUGO AGIRRE mediku eta apiterapeuta aditua bere esperientzi guztia azaldu digu. Tartean ere BIT apiterapia elkarteko Pello Zubiria eta Azpeitiko Julian Berziartua medikuaren ekarpenak izan ditugu. Guztira 246 pertsona egon dira ikastaroa egiten. Pozik egoteko ekitaldi bat, bizitzaren kultura eta osasuna uztartzeko baliagarria izan den egitasmo bat.

2008/05/19

Ibilaldi kulturala datorren ekainaren 7an

Datorren ekainaren 7an ibilaldi kultural bat egingo dugu Baxenafarroa eta Lapurdi ezagutuz. Ifarraldean agian ezezagun zaizkigun guneak ezagutzeko proposamena egin nahi dugu.
Horretarako luxuzko gonbidatu bat izango dugu gure artean, Daniel Landart. Bere obra aski ezaguna da, baina, nahi duenak hemen du eskuragarri.




Lehenik eta behin Uztaritzera joango gara Euskal Kultur Erakundearen egoitza den Lota jauregira. Bertan lehen indarrak hartzeko hamarretakoa egingo dugu.
Ondoren, Isturitzera (Baxenafarroa) joango gara bertako Otsozelaiko harpeak (kobazuloak) ikustera. 17.000 urteko aztarnak azalduak dira bertan eta aurrehistoriako gune oso berezia dela esan beharra dago.
Eguerdian, bazkaria Bastida herrian egingo dugu, guztiok berriz indarrak hartzeko.
Arratsaldean, Baionara joango gara, bertako historia, harresiak, katedrala eta Baiona Ttipia ezagutzera.
Bertan parte hartzeko, bus txartelak ALDIRI tabernan, MOTZ tabernan eta GAZTELEKUn izango dituzue.
PREZIOA: 25 € (busa – bazkaria – eta haitzuloko sarrera)
Beraz, badakizue, ikusi, ikasi eta ondo pasatzea batera egin daitezkeelako.
ANIMATU IBILALDIAN PARTE HARTZERA!!!!

2008/05/11

Maiatzak 18, Ausa Gaztelura irteera

Datorren maiatzaren 18an (igandea), mendi martxa bateraJustificar a ambos ladosko deia luzatzen dizuegu:
AUSA GAZTELURA MENDI MARTXA.
- Goizeko 09.30ean, Iparragirre plazan elkartuko gara autoetan, eta elkarrekin Larraitzera joko dugu.
- Larraitzen 10.00etan, Goierriko eta Tolosaldeko “nafarrekin” bat egingo dugu.
- AUSA GAZTELURA IGOERA, eta bertan garai batean nafar erresumako gaztelu inguruan elkartu eta antolatuta dagoen ekimena burutuko da (tartean NAFAR BANDERA ipintzea).
- Ondoren jaitsi, Larraitzen lagunarteko giroan zerbait hartu, nahi duenak bazkaltzera gelditu (horretarako telefono honetara deitu aldez aurretik: 607 111 202), eta bestela goxo goxo etxera.


ZER DA AUSA GAZTELUA?
Zaldibi eta Abaltzizketaren artean, Aralarko mendilerroan, ia 1000 metrotara dagoen AUSA GAZTELUA, antzinako kostako bidea zaintzen zuen nafar gaztelua dugu.
XII mendean jada azaltzen da dokumentuetan, eta bere zer egina zera zen, bide hau eta garai hartan Nafarroa zen eskualde honetako aktibitate ekonomikoa zaintzea. Hau da, bideak eta belardietako sarrerak, eta abelbideak zaintzea. Hego-Mendebaldetik Enirio-ko galtzada ezaguna gazteluaren ingurutik iragaten da.
Gaztelak Nafarroako Mendebaldea konkistatu zuenean (Gipuzkoa barne) gaztelua muga bihurtu zen, eta hainbat liskar gertatu zen Gaztelarekin derrigorrez borroka egiten zuten gipuzkoarren, eta gure erresuma propioa defendatzen zuten nafarren artean.
BESTERIK GABE, GIRO EDERREAN, INGURU ZORAGARRIA IKUSI, eta GURE ARBASOEI BURUZKO HISTORIARI ARRETA JARRI NAHI BADIOZUE,… ANIMATU!!!
Bertako irudiak ikusi nahi dituenak, orri honetan bertan duzue mendi ibilaldiko bideoaren esteka.

2008/05/08

Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa







Datorren 2008ko maiatzaren 11an (igandea) Urretxu-Zumarragan ospatuko dugun ibilaldiaren nondik norakoak, arauak, gune interesgarriak eta helburuak ikusteko hemen duzu gune berritua.


XII. edizio honetan Lekaio Kultur elkartea ere hor dabil antolakuntza lanean eta besterik gabe, denok zaudete gonbidatuta bertan parte hartzera.

2008/05/05

Mahai ingurua Hordago Txikiran

Kultur batzordeak Urretxuko tabernen eta Lekaioren laguntzarekin antolatzen duen Hordago Txikira zikloak bere hirugarren proposamena aurkeztuko du datorren ostegunean.
Oraingo honetan, Mikel Markez eta Josu Zabala izango dira protagonistak ostegunean eskainiko duten saioan. Bi musikariek euskal musikaren urteetako garapenari buruz hitz egingo dute, orduko gizartearen eta gazteriaren kezkak, gizarte mugimenduen sorrera izango dute ardatz. Biek, moderatzaile moduan Gorka Erostarbe izango dute lagun.

Biak ala biak, eskarmentu handiko musikariak dira eta gai honi buruz hitz egiteko egokiak ez direnik ezin dugu ukatu.



Mikel Markez 1988 udan hasi zen jendaurrean kantatzen eta Euskal Herriko txoko gehienetan abestu du. Bai zuzenean bai diskoetan euskal musikari askorekin kolaboratu izan du: Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Sanchís y Jocano, Alaitz eta Maider...






Josu Zabalak 'Hertzainak' taldean sorrera eta gorabehera guztiak gertutik bizi izan zituen. Orduan ezagun egin zen baina geldirik egon ez den mutila dela garbi dago. Aspaldian Josuk beste hainbat proiektu musikaletan ere hartu du parte (Zazpi Eskale, Gu ta gutarrak ).








Beraien iritziak zuzenean jaso nahi dituenak ostegunean, gaueko 22:00etan Laket tabernan du zita.

2008/04/22

Hordago txikira



Apirilaren 10ean hasi zen Urretxuko tabernetan Hordago Txikira izeneko ekimen berri bat. Datorren ostegunean izango du bigarren enbidoa ekimen honek, beraz gogoan izan ekimen honen hitzordua ondokoa dela:



Apirilak 24ean Belen Azkarate ipuin kontalaria izango dugu Onintza Azkarate biolinjoleak lagunduko diolarik. Bi hauek Oihulari klown taldeko kideak dira eta Zona Zeron 22:00etatik aurrera izango ditugu ikus-entzuteko aukera.

Gogoratu, ekimenaren sustatzaileak Urretxuko udala, Urretxuko 12 taberna eta LEKAIO KULTUR ELKARTEA izan dira. Bertan parte hartuko dutenek gauza bat izango dute komunean. Euskaraz arituko dira. Musika, magia, antzerkia, mahai inguru bat eta giro aparta egongo dela ziurtatzen da. Hilean 2 ostegunetan izango da aukera hau eta alternatiba polita izan daiteke gazte zein helduentzat. Ikus egitarau osoa apirilaren 7ko berrian.
Herriko prentsak berri honi buruz dioena:

2008/04/11

Erraldoiak dantzatzeko ikastaroa


Erraldoiak dantzatzeko ikastaro bat jarri behar dugu abian.

Bertan parte hartu nahi duenak ateak irekita izango ditu.

Beldurrak kentzeko eta ondoren nahi izanez gero ikasitakoa kalean erakusteko aukera ezin hobea eskaini nahi du Lekaio Kultur Elkarteak.

Interesa baduzu edo inguruan bertaratzeko norbait baduzu hau da zabaldu beharreko hitzordua:

NOIZ: apirilaren 26an, 18:00-2000
apirilaren 27an, 12:00-14:00
NON: Ederrena pilotalekuan

Animatu!!!

2008/04/07

Hordago Txikira

Apirilaren 10ean hasiko da Urretxuko tabernetan egingo den ekimen berri bat.


Ekimenaren sustatzaileak Urretxuko udala, Urretxuko 12 taberna eta LEKAIO KULTUR ELKARTEA izan dira. Bertan parte hartuko dutenek gauza bat izango dute komunean. Euskaraz arituko dira. Musika, magia, antzerkia, mahai inguru bat eta giro aparta egongo dela ziurtatzen da. Hilean 2 ostegunetan izango da aukera hau eta alternatiba polita izan daiteke gazte zein helduentzat.


2008rako Egitaraua ondokoa da:


Apirilak 10. Joseba Irazoki abeslari eta bakarlaria, Osaba tabernan.
Apirilak 24. Belen Azkarate ipuin kontalari eta musikaria, Zona Zeron.
Maiatzak 8. Mikel Markez eta Josu Zabala, mahai-ingurua: Euskal musikaren bilakaera. Laketen.
Maiatzak 22. Jone abeslaria, Intrepid Fox tabernan.
Ekainak 5. Txus Aranburu eta Mikel Perurena, musika eta poesia: Edanasearte. Zuhaizti tabernan.
Ekainak 19. Ander Eizagirre: Euskal Herriko txokoak diaporama. Motz tabernan.
Irailak 11. Arriola ahizpak + Kpañia, Eire tabernan.
Urriak 9. Eriz magoa, Eguzkia tabernan.
Urriak 23. Helduentzako txotxongiloak (taldea zehaztu gabe). Gaztelekun.
Azaroak 13. Urko Menaia musikari eta kantaria, Florida tabernan.
Azaroak 27. Oihulari Klown, ipuin kontalariak eta musika, Krak tabernan.
Abenduak 18. Xamber eskualdeko musikari taldea, Fer's tabernan.





Honi buruzko berriak herriko prentsan:

Otamotz.com

Noticias de Gipuzkoa

Diario Vasco

2007/11/12

Kantu Txapelketa. Sortze lanari saria.



Lehengo larunbatean, azaroaren 10ean, DONOSTIAKO ANTZOKI ZAHARREAN Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketako finala burutu zen.
Jendez gainezka zegoen Antzoki Zaharrean partehartzaileak goi mailako emankizuna eskaini zuten.
Hainbat sariren artean URRETXUKO LEKAIO KULTUR ELKARTEAK, iaz bezala, SARI BEREZIA eskaini zion SORTZE LAN onenari.
2007ko txapelketa honetan, Zestoako JAGOBA ASTIAZARANek egindako lana izan zen saritua, “EZ BANAGO” abestiarekin.
LEKAIO KULTUR ELKARTEAK aurrerantzean ere euskal kantagintzan murgildurik dauden musikari eta abeslariak animatu nahi ditu lan berriak egiteko eta beraien sormena bultzatzeko.
Era berean Euskal Kantuzaleen Elkartearekin, bat egingo dugu euskal kantagintza bultzatzeko antolatuko diren ekimenetan.

2007/11/01

NAFARROAKO GAZTELUAK



HITZALDIA
Nafarroako Gazteluak: defentsa sistema
NOIZ: Azaroak 8, Osteguna
NON: Urretxuko kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan
HIZLARIA: Angel Rekalde


IBILALDI KULTURALA
Amaiurko gaztelua - Bozate “agoteen herria” – Xorroxin ur jauzia – Zugarramurdiko sorginen museoa
NOIZ: Azaroak 17, larunbata (EKIMEN HAU HASIERAKO DATATIK ATZERATU EGIN DA!!!!!!)
IBILALDIKO GIDARIA: Joseba Asiron izango da bidaian zehar gidari lanak egiten
TXARTELAK: 22€ balio dute eta Aldiri, Motz eta Gaztelekuan daude salgai. (prezio honetan bazkaria eta bidaia sartzen dira)




2007/10/20

Perretxiku Asteburua Urretxun


2007ko Urriaren 27 eta 28an

EGITARAUA:

-Urriak 27, latunbata:
PERRETXIKU BILKETA ETA SAILKATZEA

 Mendi irteera perretxiku bila.
 Bildutako perretxikuak, EDERRENA Pilotalekura eramango dira arratsaldeko 2ak baino lehen.
 Arratsaldeko 4etan sailkapenari ekingo zaio.


-Urriak 28, igandea:
PERRETXIKU ERAKUSKETA

 Ordua: Goizeko 11etatik aurrera.
 Lekua: “Potros” Enparantzan.
Mahai didaktikoa. Nahasgarriak diren espezien inguruko ikasketa praktikoa.
Aranzadi zientzia elkarteko mikologi alorreko kideek, goizean zehar sortutako zalantzak eta iradokizunak aintzat hartuko dituzte.
Ohar interesgarria: Nahiko perretxiku jangarri egongo balira, mokadu goxoak dastatzeko aukera izango da eguerdiko ordubata inguruan. Egunean zehar, Kabia jatetxearen eskutik, perretxikuetan oinarritutako platerren erakusketa izango da, beraiei dagozkien errezetekin.
 Perretxikuak gai dituen menua aste osoan zehar jangai izango duzue Kabia jatetxean.
Erakusketa girotzen inguruko TRIKITILARI gateak izango dira.

2007/10/15

Gipuzkoako Kantu Txapelketa – Urretxuko kanporaketa



Urriak 20, larunbatean, arratsaldeko seietatik aurrera, ospatuko da Gipuzkoako Kantu Txapelketako lehen kanporaketa Urretxun. Hainbat herritatik etorriko dira abeslariak Labeaga aretora. Taldeka, bikoteka nahiz bakarka arituko dira.


Hiru sailetan banatuko dituzte kantariak: banakakoan, binakakoan eta taldekoan. Gainera, sorkuntza izeneko kategoria bultzatzeko asmoa du Lekaiok.


Urretxun egingo den kanporaketan bost bakarlarik, sei bikotek eta bi taldek parte hartuko dute. Goierritik, Urola Kostatik, Donostiatik eta Deba Goienetik etorriko dira kantariak. Honako hauek dira Urretxuko kanporaketan parte hartuko dutenak.


1. Imanol Aparicio eta Sara Larrañaga (Azkoitia) - Bikotea

2. Joseba Ramirez (Donostia) - Bakarlaria

3. Ondarrenetik bikotea (Donostia) - Bikotea

4. Eneritz Urrutia, Ainhoa Balzategi eta Beatriz Azurmendi (Arrasate) - Taldea

5. Ioritz eta Mattin Azpitarte (Zarautz) - Bikotea

6. Arantza Urbieta (Donostia) - Bakarlaria

7. “Black tie” bikotea (Arrasate) - Bikotea

8. Koldo Carranza (Eibar) - Bakarlaria

9. Joseba Ramirez eta Arantxa Casla (Donostia) – Bikotea Koplak (M. Arregi eta Imanol)

10. Goikobalu taldea (Arrasate) – Taldea

11. Sara Larrañaga (Azkoitia) - Bakarlaria

12. Ihintza eta Itziar Irizar (Azpeitia) – Bikotea

13. Imanol (Azkoitia) - Bakarlaria

14. Arriola Ahizpak (Idoia eta Idurre) (Mendaro) – Bikotea


Euskal Kantu Txapelketako lehen kanporaketa Lekaio Kultur Elkarteak eta Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatuta dago eta Urretxu eta Zumarragako Udalak, Hitza eta Berria ditu babesle.Sarrerak 5 euroan (helduak) eta 2an (haurrak) salduko dituzte.


Bigarren kanporaketa Villabonan izango da urriaren 27an; hirugarrena Lezon azaroaren 1ean; eta finala Donostian egingo dute azaroaren 10ean.


Euskal Kantuzaleen Elkarteak kantatzeko ohitura gordetzea, bultzatzea eta, bide batez, euskararen erabilpena sustatzea ere baditu helburu. 1987. urtean Hegoaldean euskal kantu txapelketak antolatzeari ekin zion, Iparraldean aurretik egiten zen ereduari jarraiki. Aurtengoa hamaikagarren aldia du txapelketak.

2007/10/07

NAFARROA OINEZ 2007, autobusa



Lekaio Kultur Elkarteak datorren hilaren 21ean Vianan izango den Nafarroa Oienezerako autobusa antolatu du. Joateko interesa dutenek tiketak salgai izango dituzte Aldirin, Motzen eta Gaztelekuan 10 euroren truke.

Irteera goizeko 8:30ean izango da Aldiritik.

2007/02/01

:: Korrika 15en manifestua ::


Dagoeneko jakingo duzunez, korrika 15ek euskal emakumea omenduko du, euskal emakumeak gure hizkuntzaren transmisioan izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi dituelako. Beraz, urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan duten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu korrika 15ek.Hori dela eta, korrika 15ek manifestua idatzi du, euskal emakumeek omenaldi honi euren atxikimendua adierazteko aukera izan dezaten. Izan ere, korrika 15ek milaka sinadura jaso nahi ditu, garai ezberdin eta zailetan gure hizkuntza etxean gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi duten emakume ezagun zein ezezagunen lana aitortzeko eta etorkizunean haien lanari eusteko konpromisoa hartzen dugula adierazteko.Horregatik jotzen dugu zuregana, hain zuzen ere, zeure sinadurarekin atxikimendua adierazteaz gain, zeure inguruan ekimen honen berri ahalik eta gehien zabal dezazun eskatzeko. Euskarak aurrera egingo badu, gaur egungo emakumeoi dagokigulako lekukoa hartzea, geure hizkuntzaren berreskurapena eta iraupena bermatzeko.

2006/12/22

(In)migrazioaren hariari tiraka

Otamotzek aurpegi berria aurkeztu digun honetan lehenik eta behin eskertu egin nahiko genioke iritzia emateko tartetxo hau utzi izana. Aspaldian gure kaleetan Otamotzeko aurpegi berriaz gain hainbat aurpegi berri ari dira azaltzen eta kanpotarrak direnez etorkinak deitzen diegun jende multzo plural eta gero eta handiago bat osatzen dute.

Ezezagunak beti ematen du zeresana eta inmigrazioaren gaia noiz edo noiz denon ahotan egoten denez, gai hau sakonago aztertzea erabaki genuen Lekaio kultur elkarteko kideok.

Gaia lantzeko ideiak asko izan badira ere 3 hitzaldi burutu ditugu eta jendearen erantzuna ikusita jendartean kezka badagoela ikusi dugu.

Lehenengo hitzaldian Urretxun jaio eta lehen urteak bertan bizi izan zituen Jon Maia izan genuen. 60. hamarkadan lehen jende uholde bat bizi izan genuen herrian eta lehen txokearen bizipenei buruz hitz egin zigun. Hitzaldi honetan ikasi genuen gauzetariko bat izan zen, orain arte euskaldunon komunitatean gutxitan azaldu izan zaigun bertsio bat ere badagoela. Etorkinek eta beren ondorengoek bizi izan dituzten bizipen, sentsazio eta askoren konplexuen berri eman zigun Jonek. Urretxutik Zumaira joatean lagunartean sumatu zuen aldaketek eta kontraesanek bere bizitzan izan duen eragina azaldu zigun. Baserritar eta euskararen desprestigioaren bertsioa askotan entzun izan dugu baina “belarrimotx edo maketoen” bertsioa gutxitan ezagutu ahal izan dugu bertatik bertara (irakurleon artean egongo zarete egoera hau izan duzuen dozenaka batzuk).

Lehen inmigrante horien gaia alde batera utzirik bigarren saio bat izan genuen. Bertan, gaur egun Euskal Herrian etorkinek izan dezaketen papera eta aurrera begirako erronkei buruzko gogoeta izan genuen. Obdu eta Victoria izan genituen solaskide eta beraiek Euskal Herri soberanista batean sustraiak ezin dituztela ahaztu gogorarazi ziguten (dena den beti gogoan izan behar dugu Bertold Brech-en esaldi hau, gogoaren kontra, egoerak behartuta, herria, sendia, etxea utzi behar duena ez da inmigrantea, erbesteratua baizik). Integrazioaz aritu ziren eta herri honetara etorri badira eskubide eta betebehar guztiekin etorri direla esaten ziguten. Komunitate bakoitzetik onena aukeratzea eta aprobetxatzea da biderik zentzuzkoena, hartara, denok batera aurrera egitea lortuko dugu eta ez aurre egitea. Hauek euskaldunoi zera eskatzen ziguten, etorkinei inork ez die azaltzen euskal kultura zer den edota hemengo ohiturak zein diren. Honelako gaietan badaukagu zer landu.

Hirugarren hitzaldian berriz azken urte hauetan gure artean ezagunak egiten ari diren 4 protagonista izan genituen. Jendaurrean lan egiten dutenez gehientsuonontzat ezagunak dira: Patagonia jatetxeko jabe den Mercedes Sías (argentinarra), Galeperra elkarteko langilea den Tatiana Tancheva (bulgariarra), Palacio Oriental jatetxe txinatarreko jabea den Yang Xian Jun (txinatarra) eta Urretxu-Zumarragan 30 urte pasatxo daramakin Driss Elmssioui merkatari eta herriko mezkitako arduraduna (marokoarra). Bakoitza mundu desberdin batetik etorri denez bakoitzak bere esperientzia pertsonala azaldu zigun. Garbi dago lauak merkatariak izanik ekintzaileak direla, beren herrian ezin bizirik edo zerbait hobea aurkitzeko esperantzan bidaia bati ekin baitzioten. Beraien sentimenduak, bizipenak, ilusioak... plazaratu zizkiguten eta beraientzat normalak diren kontu batzuez eta guretzat hain arrotzak diren beste batzuei buruzkoak beraien ahotik entzuteko parada izan genuen.

Hiru saio hauen ondoren Lekaiok balorazio txiki bat egin du eta hemen zabaldu nahi genuen.

3 jardunaldi hauekin garbi daukagu ez dugula gaia errotik heldu eta landu, besteak beste, etorkinen inguruan hamaika gai ditugulako lantzeko. Gaiari aurten atera diogun argazkiarekin gustura gaude baina gaur egun ez denez oso ederra ez gaude koadro batean eskegitzeko prest. Batik bat euskal komunitatearentzat izan dira interesgarri 3 jardunaldi hauek eta hitzaldietan eman den partehartzearekin neurtu ahal izan dugu. Bukatzeko, aurrerantzean gizarte talde eta kultur taldeon artean landu beharreko gai bat dela pentsatzen dugu, batik bat datozenek gizarte jantzi bat merezi dutelako.

Lekaio Kultur Elkartea (Otamotz 122.alerako idatzia)

2006/12/15

Lekaio kultur elkartearen urte amaierako batzarra

Abenduaren 23an Lekaio Kultur Elkarteak urte amaierako batzarra ospatuko dugu.

Bileraren helburua orohar kultur elkartearen aurtengo lanen balorazioa egin eta 2007rako dauden lan eta proiektuen eztabaida zabaltzea izango da.

Bertan, lanean gabiltzanon partetik azaltzea eskatzen dizugu erabakietan parte hartzea garrantzitsua deritzogulako eta herri honen kultur ekimenei zure bultzadatxoa eman diezaiokezulako.

-Hitzordua hurrengoa da:

NON: Urretxuko kultur etxeko areto nagusian
DATA: abenduak 23, larunbata
ORDUA: goizeko 11:00etan

-Gai zerrenda:

2006ko ekintzen errepaso eta balorazio laburra
2007rako proposamenak eta lan ildoak

-Bestelakoak.

Bakoitzak dituen ideiak eta kezkak azaltzeko garai ona da urte amaiera hau eta horiek plazaratzeko etortzea eskertuko genizuke.

Bertan ikusiko garelakoan, eskerrik asko eskeinitako arretarengatik.

Lekaio Kultur Elkartea

2006/10/01

INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK 3/3

3. HITZALDIA:
Azaroak 30, osteguna
Urretxuko Kultur Etxeko areto nagusia.
Arratsaldeko 19:30tan
Gidaria: Asier Zaldua (Kazetaria)
Partaideak: Herriko hainbat etorkin
"Etorkinak gurean"
Etorkinak gurean? Bizilagun ezezagun horiek ere izango dute zeresana, ezta? Esan genezake gure herri hau historikoki jendea jasotzeko arazo handiegirik izan ez duen gizarte batez osatua egon dela. Etorkinak ikustea ez da gauza arraroa gure kaleetan baina ezagutzen al dugu beraien egoera? Gaur egun datorkigun etorkinen uholde berriaren ordezkaritza bat izango dugu protagonista azken hitzaldi honetan. Hona etortzeko izan dituzten arrazoiak, bizipenak eta gaur egun herria nola ikusten duten kontatuko digute mahai inguru honetan.
"INMIGRAZIOARI BURUZKO JARDUNALDIAK"
Antolatzailea/Organiza: LEKAIO Kultur Elkartea